Testuingurua
Bibliak honela dio...
Oinak garbitzen
Bazko-jai aurrean Jesus afaltzen ari zen bere ikasleekin eta jaiki zen mahaitik, erantzi zuen soingainekoa eta, esku-zapi bat harturik, bere gerrian lotu zuen; gero ontzi bat urez bete, eta ikasleei oinak garbitzen hasi zitzaien eta eskuan zeukan esku-zapiaz lehortzen.
Pedrorengana iritsi zenean, honek esan zion:
- Jauna, zuk niri oinak garbitu?
Eta Jesusek:
- Zuk ez dakizu orain ni egiten ari naizena; geroago ulertuko duzu.
Pedrok:
- Zuk ez didazu niri behin ere oinik garbituko.
Eta Jesusek:
- Garbitzen ez bazaitut, ez duzu zerikusirik nirekin.
Simon Pedrok orduan:
- Jauna, ez oinak bakarrik, baita eskuak eta burua ere.
Jesusek erantzun zion:
- Garbitua hartu duenak ez du oinak besterik garbitu beharrik, erabat garbi baitago.
Zuek ere garbi zaudete, baina ez guztiok.
Bai baizekien nork salduko zuen, horregatik esan zuen:
Ez zaudete garbi guztiok.
Oinak garbitu zizkienean, soingainekoa hartu eta, berriro mahaian eseririk, esan zien:
- Bai al dakizue zer egin dizuedan?
Zuek Maisu eta Jaun esaten didazue; eta ongi esana, hala naiz eta.
Maisu eta Jaun izanik, oinak garbitu badizkizuet, zuek ere elkarri oinak garbitu behar dizkiozue; jarraibide eman dizuet, nik zuei egin dizuedana, zuek ere egin dezazuen.
Egi-egiaz diotsuet: morroia ez da nagusia baino gehiago; bidalia ere ez da bidaltzailea baino gehiago.
Hori dakizuela, zorionekoak zuek, betetzen baduzue.
Joan 13, 4-17